XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Done-Santore Dome Saintu, Dome Santore, Domun Santuru, Domuru Santuru, Domine Saindorio, Domine Saindu... (=Todos los Santos) egunean lehendabiziko elurtea bota zuen Maidalena zerran Mendi-bizkarra, Sûstarri'ko lepoan eta Kaillatieta'ko eskualdean.

Egia esan, etzen elurte trinkoa eta iraukorra izan, baitipat Otsoats-borda inguruetan, zeren puntu hau sabelgune concavidad batean baitago mendi-bizkarrez babestua.

Elur-malutak beren zuritasuna galtzear irixten ziren lurrera, ur bihurtuxe, ez baitzuen aski hotz egiten idorrik irauteko.

Hala ere, mendi-hegalek zurialdi dotorea hartu zuten, bost ordu luzetan jardun baitzen mara-mara jaurtiaz aspertu eziñik.

Lehenengo elurtea egiñez gero ez dago artzainarentzat mendian egonaldi lasairik, usterik gutxienean bixita berririk egiten baitaki lehenbizikoaz ahazteko betarik eman gabe eta berandutu baiño lehen, artaldeek eta gaiñerako kabaleek beheraka bidea hartzen dute egugiro epelagoen eta xamurragoen gurariz Deseo.

Otsoats-borda'k ordea etzuen goitura handirik.

Bostehun metro izanen zituen hortxe-hantxe eta Kaillatieta'ko lepoa baiño hogeitamar bat metro beherago zegoen eta izen bereko mendi tontorrak, babes gozo eta atsegingarria eskeintzen zion bordari.

Jendeak zionez, belaunez-belaun ikasirik, Arrañe-Sûstarri'ko Otsoats basetxekoek altxa zuten aspaldi zaharrean.

Otsoats etxalde aberatsa zen eta kabale asko zutenez, borda eder eta handia eraiki zuten eta izena baserritik harturik Otsoats-borda deitu zioten.